XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Noble legebiltzarkideak desagertzea onartu du Londresko Lorden Ganberak

Ia zazpi mendetan zehar izandako pribilegioa galduko dute tituludun gehienek

Datorren azaroaren 19an Elizabeth II. erreginak Erresuma Batuko Legebiltzarraren saioa ofizialki irekitzen duenean, han ez dira izango ondorengotza eskubideengatik urteetan zehar izan diren ehunka noble.

Lorden Ganberak herenegun gauean onartutako erreformaren lehen zatiaren ondorioz, 751 lord nobleetatik 92 besterik ez dira geratuko aste gutxi barru.

EZTABAIDA beroa izan zen herenegun Lorden Ganberan, ia 700 urte iraun duen ohiturari amaiera eman behar zitzaiolako.

Tony Blair lehen ministro laboristak Estatuko egituren erreforma sakonari ekin dio autonomia Eskozia eta Galesentzat, Udala Londresentzat... eta horretan esanguratsua da Lorden Ganberaren erreforma.

Komunen Ganberarekin batera Erresuma Batuko Legebiltzarra etorkizunean osatuko duen ganberaren nondik-norako zehatzak ez dira hurrengo urtea arte jakingo.

Abenduan zabalduko ditu bere proposamenak erreformaz arduratzen ari den Lord Wakehamek.

Lehen epe batean, Lorden Ganbera berrituak askoz kide gutxiago izango ditu.

Gaur egungo 1.295etatik desagertuko dira markes, konte, duke eta baroi gehienak.

Gaur egun dauden 751etatik 92 besterik ez dira geratuko.

Atzo hasi zen horien aukera. Gainerako kideak merituagatik lord edo lady izatera heldu direnak dira Margaret Thatcher kasu eta Eliza Anglikanoaren 26 ordezkariak.

Eskerrik asko eta gero arte

Lorden Ganberako kide gehienek etsipenez jaso dute erreforma, baina garaiak aldatu direla ohartuta, halabeharrez onartu dute.

Horren seinale izan zen tory-en ordezkari Lord Strathclyderen hitzaldia: Historiaren kapitulu luze bat gaur gauean [atzo] itxi dugu. Iragana pasatu da. Beira pitzatuta dago eta ezin da konpondu. Lehen ministroak aiztoa hartu eta ebaki erraldoia egin du historiaren aurpegian. Baina, iragana iragana da. Etorkizunaren garaia da

Aldeko botoa eskatu zuen Jay baronesak, ganberako liderrak, bere iritziz Komunen Ganberari dagokiolako erreforma erabakitzea. Eskerrik asko eta gero arte, esan zien nobleei.

Azken bozketaren aurretik istilu txiki batzuk ere izan ziren, Burfordeko kontea garrasika hasi baitzen erreformaren aurka.

Erregina eta herria babestu behar ditugu. Traizioaren aurka eman behar dugu botoa. Proiektua traizioa da eta Bruselak bultzatu du. Britainiaren deuseztea ikusten ari gara, esan zuen.

Azkenean, 221 lordek proiektuaren alde eman zuten botoa eta 81ek aurka.

Komunen Ganberak tramitea amaituko du orain, eta aste gutxi barru indarrean izango da legea.

Lord Irvine of Lairgh, Lorden Ganberako lehendakaria bozketaren emaitzaren berri ematen.